Gorputzaldiak

Proiektu pedagogiko bat da Gorputzaldiak, hezkuntzaren eta dantzaren arteko diziplinarteko lan baten emaitza, eta hezkuntza formaleko irakasleei curriculum-proiektua garatzen laguntzeko tresna berriak eskaintzeko helburuarekin sortu da, mugimenduaren bidez curriculum-proiektua garatzen laguntzeko.

Proiektu hau gizartearen eta hezkuntza-eragileen eskariari erantzuteko jarri zen abian nagusiki, eskolan gorputza beste modu batera fokatzeko gero eta premia handiagoaz jabetuta. Irakasleei tresnak eskaintzea da gure erronka, ikasgeletan garatzen diren gorputzaren erabilerak eta gorputzarekin lotutako ohiturak aldatzeko eta, hala, esperientziaren eta pertsonen arteko elkarrekintzaren bidez sortzen diren ikaskuntzak sustatzeko. Xede horrekin, ezaguerak partekatzeko, gorputz-dinamikak garatzeko eta mugimenduaren eta proposatutako gaien inguruan aurrera eramaten ari diren praktikei buruz gogoeta egiteko espazioak eskaintzen ditugu.

Dantza tresna pedagogiko gisa

Dantza tresna pedagogiko gisa

Mugimendua, ikasteko baliabide natural gisa.

Adierazteko, ezagutzeko, harremanetarako eta pentsamendurako bide bat da dantza, eta, denboran, espazioan, ekintzan eta sormenean oinarrituta, gorputz sentibera sustatzen du, munduarekin harremanean.

Mugimendu askearen eta jolasaren bidez adierazteko tresna bat da dantza, eta besteekin elkartzeko gunea. Mugimendu librea adierazteko ahalmen gisa erabiltzen den modu berean, ez dugu beste zati integratzaile horretaz ahaztu behar. Maralia Recak dioen moduan, dantza librea da ez soilik adierazteko, baita jasotzeko, erantzuteko eta gainerako pertsonen mugimendua eta zentzua islatzeko ere. Alde horretatik, Patricia P. Capellok azpimarratzen duen ideiatik abiatzen gara: keinu bidezkoa edo hitzezkoa ez den edozein adierazpide legitimoa da, ez baikara onargarria edo ederra zer den zehazten duten kanon estilistikoen mende jartzen.

Dantza tresna pedagogiko gisa erabilita, barneko nahiz kanpoko mundua gorputzaren bidez aztertu, ulertu eta ezagutu dezakegu. Beraz, hezkuntzan, dantza ikasteko tresna izan daitekeela ulertzen dugu, eta hainbat helburu betetzeko lagungarria izan daitekeela. Gure ustez, gorputza hainbat modutara eta modu aktiboagoan eta inguruarekin elkarreraginean erabiltzeko aukera modu integralean eskaini behar da gaur egun irakatsi eta ikasteko prozesuan.

Hala, bada, Gorputzaldiak esperientziaren bidezko ikaskuntzara zuzenduta dago, eta gorputza da gure erreminta, ez soilik ikuspegi fisikotik, baita ikuspegi psikologikotik, sozialetik eta emozionaletik ere.

Gaitasun sozioafektiboen garapena

Gaitasun sozioafektiboen garapena

Dantzan oinarritutako material honen bitartez, gaitasun sozioafektiboak garatzen lagundu nahi dugu; gaitasun horiek zeharkako oinarrizko konpetentzietan jasota daude.

Gaitasun sozioafektiboek gure buruaren ezagutza, gure buruarengan eta besteengan dugun konfiantza, gatazken ebazpena, pertsonen arteko harremanen hobekuntza, komunikazio asertiboa etab. sustatzen dituzte. Halaber, autokontzientziazko egoerak sustatzen dituzte, hala, gainerako pertsonekiko enpatia sentitzeko, erabaki arduratsuak hartzeko edo jokabide arriskutsuak saihesteko, besteak beste. Horrelako abileziak ez dira jaiotzetikoak, ikasi eta garatu egiten dira, eta, giza garapenaren dimentsio oro bezala, denborak aurrera egin ahala bilakaera izaten dute. Beraz, ezinezkoa da horiek bat-batean irakastea edo garatzea, eta, abilezia intelektualen antzera, etengabe akuilatu behar izaten dira, garapen handiagoko etapetarantz gara daitezen.
Gaitasun horiek presentzia handia dute urriaren 16ko 175/200 DEKRETUAREN curriculumean, eta garrantzi berezia hartzen dute baita ere HEZIBERRI 2020 planean; azken horrek eranskin bat eskaini die oinarrizko edo funtsezko konpetentzia horiei, eta zuzenean nabarmentzen ditu, proposamen pedagogiko honen bidez.

Proiektua garatzen joan den neurrian, honako gaitasun sozioafektibo hauetan ardaztu da:

ENPATIA, KONFIANTZA, INTEGRAZIOA, AUTOKONTZIENTZIA, ASERTIBOTASUNA, ELKARREKIKO ERAGINA, ZENTZUMENEN BIDEZKO PERTZEPZIOA, ARRETA ETA EMOZIOAK

Lankidetzako ikaskuntza

Lankidetzako ikaskuntza

Dantzak ahalmen handia du lankidetzaren bidez ikasteko. Dantzako geletan garatzen diren dinamika askok lankidetzako ikaskuntzaren oinarri diren printzipioak biltzen dituzte, hala nola begiraden arteko trukea, parekoen arteko komunikazioa, rol-aldaketak, ideien edo ezagutzen eraikuntza bateratua edo taldeko balioespenak.

Irakatsi eta ikasteko prozesuaren pertsonalizazioan, ikasleen autonomian eta ikaskuntzaren egituraketan oinarritzen da lankidetzako ikaskuntza, ezaguera parekoen arteko lankidetzatik abiatuta eraiki dadin.

Hala, parte-hartze aktiboa, norberaren aukeretan dugun konfiantza, begirada inklusiboa desberdintasunen aurrean eta talde-kohesioa sustatzen dira. Tresna pedagogiko honek gaitasun sozioafektiboen garapena sustatzen du hein handian, besteak beste, autoestimua, malgutasuna, asertibotasuna, enpatia edo integrazioa garatzeko aukera ematen baitu.

Hala, Gorputzaldiak proiektuak bere zereginean txertatzen ditu printzipio horiek, eta, horiekin batera, lankidetzako ikaskuntzarako berariazko metodologiak eta dinamikak ere txertatzen ditu, hala nola rolen banaketa talde-lanaren barnean, orri birakaria edo hiru minutuko geldialdia.